XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1.1. SARRERA

Aplikazio estrukturalen ikuspuntutik, materialen propietate mekanikoak ezagutzea, (batez ere erresistentzia ezagutzea) lehen mailako helburua da.

Beste kasu batzuetan, injinerutza-produkzioan adibidez, materialari hotzetan ondo konformatzeko harikortasun minimo bat eskatzen zaio.

Aplikazio bakoitzean materialak ezaugarri minimo batzuk eduki beharko ditu, piezak jasango dituen kargak estatikoak ala aldakorrak izango diren, funtzionamendu-tenperatura altua izango den ala ez eta abar kontutan hartuz.

Beraz, baldintza guzti horiek karakterizatu egin behar dira eta bildutako datuak ondoko bi aplikazio desberdinetarako erabil daitezke:

- Lehenbizikoa, pieza edo elementu baten diseinuan erabiltzeko material bat egokia den ala ez baieztatzeko, hau da, datuak diseinu-mailan kontutan hartuko dira.

- Bigarrena, material zehatz bati eskatzen zaizkion baldintzak betetzen diren ala ez ezagutzeko.

Kasu honetan kalitate-kontroleko arazoa da.

Bai kasu batean, bai bestean, propietate mekanikoak neurtzeko saiakuntza desberdinak garatu dira.

Saiakuntza mekaniko gehienak estandarizaturik daude, eta horretaz arduratzen diren erakundeen artean, ezagunenak ASTM (American Society for Testing Materials) elkarte iparamerikarra eta BSI (British Standards Institution) elkarte britainiarra dira.

Bi erakunde hauez gain, estatu bakoitzak bere arauak argitaratu ditu, gehienak lehen esandako erakundeek egindakoen oso antzekoak izanik.

Azken hauetakoak dira Espainian egindako UNE arauak.

Lehen esan dugunez, material baten propietate mekanikoak ezagutzeko saiakuntza desberdinak egin behar dira.

Saiakuntza garrantzitsuenak hauexek dira:

*trakzioa

*gogortasuna

*zailtasuna

*nekea

*termoisurpena (creep-a)

Kapitulu honetan, saiakuntza hauei buruzko zenbait adierazpen emango da.

Kontutan hartu hemen bildutako informazioa saiakuntza bat zehatz-mehatz burutzeko ez dela nahikoa izango.

(Propietate mekanikoei buruz [1.1] eta [1.2] erreferentziak kontsulta daitezke).